XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Biziaren jatorriaren arazoari lehen aldiz ekin nionean duela doi-doi 30 urte, substantzia organikoen jatorri primitiboa ez zen arazo erabat enigmatikoa bakarrik; baizik eta ulermen zein azterketarentzat ezin hatzemana iruditu zitzaidan.

Eritzi hau naturaren behaketa zuzenaren fruitu zen, zeren eta izaki bizien munduko substantzia organiko gehientsuenak gaur egun Lurrean organismoen bizi-ihardueraren ondorioz eratzen direla ikusten bait nuen.

Landare berdeek karbono inorganikoa karbono (IV) oxido moduan zurgatzen dute airetik, eta, eguzki-argiaren energia aprobetxatuz, harekin beharrezko substantziak sortzen dituzte.

Animaliek, onddoek, bakterioek eta berde ez diren gainerantzeko organismoek, animalia edo landare biziez elikatuz eta, behin hauek hilda daudenean, deskonposatuz lortzen dituzte beharrezko substantzia organikoak.

Beraz, izaki bizien gaurko mundu osoa deskribatu berri ditugun fotosintesi- eta kimiosintesi-prozesu analogoei esker mantentzen dela ikusten dugu.

Areago oraindik, lurrazalaren barnean aurkitzen diren substantzia organikoak, esate baterako, zohikatza, harrikatz- eta petrolioi-hobiak, etab., guztiak funtsean garai batean geure planeta populatu zuten eta geroago lurrazalaren sakonean lurperatuta geratu ziren organismo ugariren ihardueraren ondorioz sortu dira.

Guzti hau dela eta, joan den mende-amaierako eta mende honen hasierako zientzilari askok zeraren eritzikoak ziren; alegia, substantzia organikoak ez daitezkeela Lurraren baldintza naturalenpean sor; prozesu biogenetiko baten bidez baizik, organismoen laguntzaz bakarrik hain zuzen.

Eritzi honek, duela 30 urte zientziaren eremuan gailendu zelarik, eragozpen handi samarrak ezarri zizkion biziaren jatorriaren arazoa argitzeari.

Bazirudien ezin atera zitekeen jirabira zoramengarria eratu zela.

Biziaren jatorria aztertzeko substantzia organikoak nola eratzen diren jakitea zen beharrezko, baina organismo biziak ziren hauek sintetiza zitzaketen bakarrak.

Alabaina, gure behaketek geure planetaren mugak gainditzen ez badituzte bakarrik iristen gara ondorio honetara.